Izaera pertsonaleko datuen tratamendua ikastetxeetan. Legitimazioa. Maiz egiten diren galderak.

LOEk baimena ematen die Ikastetxeei ikasle eta guraso edo tutoreen datuak jaso eta erabiltzeko, eginkizun hezitzailea helburu denean.

Eginkizun hezitzailea helburu ez denean ere datuak bildu daitezke, kasu hauetan:

  • Matrikularekin ezarritako harreman juridikoa betetzeko beharrezkoa denean.
  • Interesdunak baimena ematen duenean.
  • Interesdunen eskubide eta askatasunaren gainetik legoken legezko interesen bat dagoenean.

Izaera pertsonaleko datuak babesteko, araudiak beraien datuen titularrak direnei sartzeko, zuzentzeko, ezeztatzeko, aurka egiteko, tratamendua mugatzeko eta eramateko eskubidea aitortzen die; horri esker, titularrek datuen eta informazio pertsonalaren kontrola egikaritu ahal izango dute eta tratamenduaren arduradunak behartuta daude aipatu datuen kontsulta erraztera.

Gurasoek datuak eman behar al dizkiote ikastetxeari?

LOEk dio guraso edo tutoreak eta ikasleak ere lankidetzan aritu behar direla beharrezko informazioa ematerako orduan, beti ere eginkizun hezitzailearen garapena posible eginez. Hori horrela ikastetxeak salbuetsita daude baimena eskatzera izaera pertsonaleko datuak eskuratzeko eginkizun hezitzailea helburua bada.

Matrikularekin ezarritako harreman juridikoa betetzeko beharrezkoa denean ere datuak eman beharko dituzte.

Ikasleen irudiak jaso al daitezke espediente akademikorako?

Ikastetxeek irakaskuntza- eta orientazio-lana ikasleen baimenik gabe egiteko bil ditzaketen datuen artean, haien argazkiak sar daitezke, ikasle bakoitza bere espedientearekin lotuta identifikatzeko.

Ikastetxe batek eman al diezaieke publizitatea onartutako ikasleen zerrendei?

Bai. Ikastetxeak onartu diren ikasleei buruzko informazioa eman behar du, administrazioa norgehiagoka-prozedura baten bidez egiten den heinean, non inguruabar jakin batzuk baloratzen eta puntuatzen diren.

Hala eta guztiz ere, publizitatea informaziorako sarbide indiskriminatua ez izateko moduan egin beharko da, adibidez, onartutako ikasleen zerrenda ikastetxe barruko

iragarki-tauletan edo sarrera mugatuko web orri batean argitaratuz onarpena eskatu dutenentzat.

Argitalpen horrek baremoaren azken emaitza soilik jaso beharko du, ez datu eta informazio sentikorrei erantzun diezaieken edo familiaren ahalmen ekonomikoa agerian jar dezaketen emaitza partzialak.

Informazio hori, hala ere, eskuragarri egongo da erreklamatzeko eskubidea baliatzen duten interesdunentzat.

Zerrenda horiek beharrezkoak ez direnean, kendu egin behar dira, baina kontserbatu egin behar dira, egiten diren erreklamazioei erantzuteko.