Gaitasunak 

Esan daiteke gaitasuna dela eskaera konplexuei erantzuteko eta zenbait zeregin behar bezala gauzatzeko ahalmena. Zenbait trebetasun nahasten dira horretan. Izan ere, ahalmen praktikoek, ezagutzek, motibazioak, balio etikoek, jarrerak, emozioek eta bestelako gizarte- eta jokaera-osagaiek elkarri loturik jarduten dute ekintza eraginkor bat lortzeko. Gaitasunaren ezaugarri nagusia “egiten jakitea” da, hots, jakintza aplikatzea. Jakintza hori zenbait testuingurutara egokitzeko gai da eta izaera barne-hartzailea du; jarrerak, prozedurak eta jarrerak hartzen baititu barne.

Edukien ikuspegi barne-hartzailea honek aldaketa eragin du; izan ere, zatikaturik ulertu izan dira, sarri, eduki kontzeptualak, prozedurazkoak eta jarrerazkoak.

Oinarrizko Hezkuntzan lortu beharreko hezkuntza-gaitasun orokorrak eta oinarrizko gaitasunak finkaturik egoten dira. Hori lortzen laguntzeko ardura dutenak Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza dira.

Oinarrizko gaitasunak curriculumean sartzeak zenbait helburu ditu. Lehen helburua irakaskuntzak bateratzea da, bai formalak, arlo edo irakasgaietakoak, bai informalak eta ez formalak. Bigarren helburuak aukera eman nahi die ikasleei ikasitakoa beste arlo batzuetan sartzeko, beste eduki mota batzuekin lotzeko, eta zenbait egoera eta testuingurutarako behar dituztenean behar bezala erabiltzeko. Azken helburua irakaskuntzari buruzko orientabidea ematea da, eta ezinbesteko edukiak eta ebaluazio-irizpideak identifikatzeko aukera ematen du. Oro har, irakaskuntza- eta ikaskuntza-prozesuari buruzko erabakiak bideratzea da helburua.

Hezkuntza-gaitasun orokorrak

Hezkuntza barne-hartzailerako erreferentziazko ardatz nagusiak dira, eta Oinarrizko Hezkuntzaren arlo eta irakasgai guztietan hartzen dira kontuan.

a)  Nork bere kabuz arduratsuki bizitzen ikastea. Nork bere burua ezagutzea, buru-osasuna zaintzea eta ohitura osasungarriak hartzea. Natura eta baliabide naturalak arduratsuki  gozatzen ikastea, gizateria osoaren eta egungo zein etorkizuneko belaunaldien ondare baitira.

b)  Ikasten eta kritikoki pentsatzen ikastea, eta zenbait iturritako informazioa interpretatzea, sortzea eta ebaluatzea, batez ere komunikabideetakoa. Erabakiak hartzen eta arazoak konpontzen ikastea, ikasteko zein lanerako ohiturak hartzea, ikasteko estrategiak sortzea, eta zientzia- eta matematika-ezagutzako metodoak aplikatzea, ezagutzaren eta esperientziaren arloetako arazoak identifikatzeko eta konpontzeko.

c)  Bi hizkuntza ofizialetan eta gutxienez atzerriko hizkuntza batean komunikatzen ikastea. Komunikabideak ez ezik informazioaren eta komunikazioaren teknologiak ere kritikoki erabiltzea eta interpretatzea, baita arte-mintzairak ere, hala nola musika, gorputz-adierazpena, plastika eta ikusizko adierazpidea.

d)  Elkarrekin bizitzen ikastea; elkarrekintza positiboak izatea eta gatazka-egoeretan elkarrizketa eta negoziazioa erabiltzea. Aktiboki eta demokratikoki parte hartzen ikastea, baita lankidetzan jarduten, talde-lanean aritzen eta aniztasuna errespetatzen ere.

e)  Pertsona gisa garatzen ikastea, nork bere nortasuna erakustea, emozio negatiboak kontrolatzea, balorazio positiboa eta errealista egitea, autonomoa izatea, hartutako erabakiekiko arduratsua izatea eta printzipio etikoen arabera jokatzea.

f)   Egiten eta sortzen ikastea, erabakiak eta ardurak hartzeko ekimena izatea, ahalegina eta zailtasunak gainditu izana baloratzea, eta bizitzako zenbait arlotan ekimen ekintzaileak gauzatzea.

Oinarrizko gaitasunak

Oinarrizko gaitasunak testuingurura egokitutako ezagutzek, trebetasunek eta abileziek, eta jarrerek eta balioek osatzen dituzte. Gaitasun horiek Oinarrizko Hezkuntza ikasten duten ikasle guztiek behar dituzte, eta ezinbestekoak dira pertsona gisa burutzeko eta garatzeko, eta baita ere hiritar aktibo gisa jokatzeko eta  gizartean parte barne-hartzailea izateko.

 

Zientzia-, teknologia- eta osasun-kulturaren gaitasuna

Ingurune fisikoarekiko elkarreraginei erreparatzen die gaitasun honek, hau da, ingurune fisikoaren alderdi naturalei eta gizakien ekintzaren ondorioz sortutakoei. Hala, gaitasun honek aukera ematen du gertakariak ulertzeko, gertakarien ondorioen aurreikuspenak egiteko, eta norberaren eta gainerako pertsonen eta izaki bizidunen baldintzak hobetzeko eta kontserbatzeko jarduerak egiteko.

 

Ikasten ikasteko gaitasuna

 

Ikasten ikasteak esan nahi du ikasten hasteko trebetasunak izatea eta geroz eta eraginkortasun eta autonomia gehiagorekin ikasten jarraitzeko gai izatea, norberaren helburuei eta beharrei jarraiki. 

 

Gaitasun matematikoa

 

Zenbakiek, horien oinarrizko eragiketak, sinboloak eta matematikaren alorreko adierazpenak eta arrazoiketak erabili eta erlazionatzeko trebetasuna da, informazio-mota ezberdinak ekoiztu eta interpretatzeko, errealitateren alderdi kuantitatiboei eta espazialei buruzko ezagutzak zabaltzeko eta eguneroko bizitzarekin eta lan munduarekin zerikusia duten arazoak abatzeko.

 

Hizkuntza-komunikaziorako gaitasuna

 

Gaitasun honetan erreferentzia egiten zaio ahozko nahiz idatzizko hizkuntzaren erabilpenari, errealitatea adierazi, interpretatu eta ulertzeko, jakintza eraikitzeko eta komunikatzeko eta pentsamoldea, emozioak eta jarrerak antolatu eta autoerregulatzeko egiten dena.

 

Informazioaren tratamendurako gaitasuna eta gaitasun digitala

 

Gaitasun honen muina da ikaslea informazioa bilatzeko, lortzeko prozesatzeko eta komunikatzeko eta ezagutza bihurtzekoa gai izatea. Trebetasun ezberdinak barne hartzen ditu: informazioa lortzetik hasi eta, behin tratatu ondoren, euskarri ezberdinetan transmititzera arte iristen da. Bertan sartzen da ere informazioaren teknologien erabilera eta komunikazioa, informatzeko, ikasteko eta komunikatzeko funtsezko elementu gisa.

 

Sozial eta hiritar gaitasuna

 

Gaitasun honek posible egiten du bizi den gizartearen errealitatea ulertzea, lankidetzan aritzea, bizikide izatea eta herritasun demokratikoa garatzea gizarte anitz batean. Halaber, gizarte hori hobetzeko konpromisoa hartzea posible egiten du. Bertan sartze dira hainbat ezagutza eta trebetasun konplexu, parte hartzea, erabakiak hartzea, egoera jakin batzuetan nola jardun aukeratzea eta hartutako erabaki pertsonalez arduratzea ahalbidetzen dutenak.

 

Giza kulturan eta artean gaitasuna

 

Ikasleak gaitasuna eskuratzean, kultura eta arte-adierazpenak ezagutu, ulertu, balioetsi eta kritikoki ebaluatzeko gai izango da, eta gaitasun hori erabiliko du aberasteko eta gozatzeko iturri gisa, kultura herrien ondarearen zatitzat joko baitu.

 

Autonomiarako eta ekimen pertsonalerako gaitasuna

 

Gaitasun honek, batetik, elkarren artean lotura duten balio eta jarrera pertsonalez jabetzeari eta horiek aplikatzeari heltzen dio; adibidez: erantzukizuna, pertseberantzia, norberak bere buruari kritika egitea, emozioak kontrolatzea, aukeratzeko trebetasuna, arriskuak kalkulatzea eta arazoei aurre egitea, gogobetetasuna berehala asetzeko beharra luzatzeko aukera, akatsetatik ikastea eta arriskuak hartzeko gai izatea.

Informazio gehiago