3. ETA HARREMANAK ONAK EZ DIRENEAN?

Elkarrekin bizitzeko, errespetua nahitaezkoa da. Baina batzuetan, gehiegi pentsatu gabe, besteak ez ditugu ondo tratatzen eta, gainera, ez diogu horri behar bezalako garrantzia ematen. Beste kasu batzuetan, berriz, gaizki tratatuak sentitzen gara.
 

Kasu larrienetan, tratu txarrak behin eta berriro eta denbora jakin batean gertatzen dira. Eskola-jazarpenari aurre egin nahi badiogu, ikasleak gaitu behar ditugu jazarpena onar ez dezaten eta biktimak defenda ditzaten.

Jazarpen mota ezberdinak daude eta, egoera horiei aurre egiterakoan, komeni da bakoitzaren berezitasunak kontuan izatea esku-hartze egokia izan dadin.
 
Gure gizartean emakumeen kontrako indarkeria oraindik ere arazo larria da eta hezkuntzak badu horren inguruan zer egin: ikasleak jarrera matxistez ohartaraztea, horiei aurre egiteko trebatzea eta neskak zein mutilak trebatzea eta konpromisoa adieraztea.
 
Bestalde, ISEI-IVEI-k azken ikerketan dioenez, eskola-jazarpeneko kasuetan inplikatuak daudenak mutilak dira gehiago neskak baino, eta hainbat jazarpeneko kasuetan kutsu sexistak eta homofobikoak ageri dira. Horrek eskolari eskatzen dio nesken zein mutilen identitatearen garapenari erreparatzea eta tutoretza-lanean kontuan izatea.
 
Horrez gain, egun Internet eta Web 2.0 gunea besteekin bat egiteko edo ez egiteko toki bilakatu dira, bizitza erreala bezalaxe. Garrantzitsua da ikasleek beren nabigatzeko ohiturak aztertzea eta beren buruari edo hirugarren pertsona bati eragin diezaioketen kaltea baloratzea. Kasu askotan, ez dira jabetzen erabiltzen dituzten tresna batzuen arriskuez. Izan ere, ez dute hezkuntza-erreferenterik izan tresna horiek modu egokian erabiltzen ikasteko.
 
Horregatik guztiagatik, tratu txarren aurka gure gelan ikasleekin zer egingo dugun adostea komeni da. Horrela, esplizitatuko ditugu egoera horietan haiengandik espero ditugun erantzunak horrelakorik ez gertatzeko.
 
Askotariko dinamikak planteatzen dira jarritako helburuak lortzeko. Beharrezkoa da eremu guztietatik gutxienez bat egitea (zenbat eta gehiago egin, hobeto).Askotariko dinamikak planteatzen dira jarritako helburuak lortzeko. Bertan agertzen diren ebaluaziorako lorpen-adierazleetan oinarrituta, eta hirugarren eremuan azkenengo jardueren ostean, ikasleak bere burua ebaluatzeko tresna eskaintzen da, BAT karpeta pertsonalean sartzeko.
 
Hor, ikasleak izango du bere garapenaren ibilbidea baloratzeko baliagarria izango zaion jardueretan ekoiztutako material oro. Irakasleak erabakiko du jarduera bakoitzean zein izan daitekeen karpeta pertsonalean sartu beharreko materiala.

Helburuak

  • Nor bere buruarekin sintonian egoten trebatzea.
  • Nor bere erabakiek besteengan duten ondorioez jabetzea.
  • Mota guztietako tratu txarrak identifikatzea eta horiek gelditzeko neurrietan inplikatzea.
  • Genero-indarkeriaren aurrean kritiko izatea.
  • Sarean egiten dituzten ekintzak jarrera kritikoarekin aztertzea.
  • Eskola-jazarpenari aurre egiteko konpromisoa hartzea.

Ebaluazio irizpideak

  • Sintonia
  • Irizpide kritikoa
  • Elkartasuna
  • Lankidetza
  • Konpromiso
  • Komunikazioa
  • Berdintasuna

Ebaluazio adierazleak

  • Badaki bere burua lasaitzen.
  • Identifikatzen ditu mota guztietako tratu txarrak.
  • Beste pertsonen jokabideen arrazoiak ulertzeko ahaleginak egiten ditu.
  • Genero-indarkeria antzematen du.
  • Badakizki eskola-jazarpenaren ezaugarriak eta ondorioak.
  • Identifikatzen ditu sarean dauden arriskuak.
  • Sarean errespetuz jokatzen du.
  • Eskola-jazarpena jasotzen dutenekin enpatia adierazten du.
  • Tratu txarren aurrean, taldeko irizpide komunekin bat egiten du.