Elkar ezagutzen

1. Elkarrizketa

Dinamika honen helburua da ikasleen arteko elkar-ezagutza handiagotzea eta elkarren arteko harremanak hobetzea.

Egiten hasi baino lehen, irakasleak adieraziko du zertarako egingo duten eta zer lortu nahi den, baita errespetuzko giro batean egingo dutela, guztion iritzia eta gustuak errespetatuta, pertsona guztiek askatasuna izan behar dutelako beren zaletasunei buruz hitz egiteko.

Parte-hartzaile bakoitzak zenbaki bat dauka. Poltsa batetik zenbakiak aterako dira ausaz, binaka, taldea bikotetan banatuta gera dadin, eta, beharrezkoa izanez gero, hiruko talde txiki batekin.

Dinamika honen lehenengo fasean bikote bakoitzeko kideek elkar elkarrizketatuko dute beren trebeziei, gaitasunei eta akatsei buruz, aldez aurretik erabaki duten galdetegi txiki batetik abiatuta.

Bigarren fasean, parte-hartzaile bakoitzak kidearen oinarrizko ezaugarriak laburbiltzen dituen esaldi bat idatzi behar du, elkarri adieraziko eta zuzenduko diote, egoki baderitzote.

Azkenik, hirugarren fasean, bakoitzak elkarrizketa-kidea nolakoa den adieraziko dio talde osoari.

Jarduera hau behin baino gehiagotan egin daiteke, elkarrizketan erantzun beharreko galderen izaera aldatuta: dinamikaren ondorengo aplikazioetan gero eta galdera sakonagoak edo pertsonalagoak plantea daitezke.

Jarduera egin eta gero tarte bat izango dute balorazioa egiteko:

  • Zer egin dugu ondo?
  • Zer hobeto beharko dugu?

Irakasleak jasoko du ikasleek esaten dutena eta hurrengo saioan gogoraraziko die.

ELKARRIZKETA

2. Ondo ezagutzen dugu elkar

Hasieran, jarduera bakarka egingo dute, eta, ondoren, talde handian. Jardueraren helburua da ikasleek elkar hobeto ezagutzea. Taldeak ondo funtzionatzea, hein handi batean, ikasleek elkar hobeto ezagutzearen mende egongo da.

Ikasle bakoitzari behean azaltzen den taula emango zaio eta bakoitzak, bakarka, bertako datuak beteko ditu.

Bete ondoren, inprimaki guztiak jaso eta ausaz banatuko dira. Ondoren, ikasle bakoitzak egokitu zaion kidea aurkeztu beharko du besteen aurrean, baina nor den esan gabe, besteek irakurritako fitxaren egilea identifika dezaten.

Jarduera egiten den bitartean, errespetuzko giroa bermatu egin behar da.

Jarduera egin eta gero, denbora-tarte bat izango dute balorazioa egiteko:

  • Zer egin dugu ondo?
  • Zer egin behar dugu hobeto?

[1] Pujolas, P. eta Lago, J. R. (Koord.).: IK/KI PROGRAMA («Ikasteko Kooperatu / Kooperatzen Ikasi») TALDEAN IKASTEN IRAKASTEKO Ikasketa kooperatiboaren inplementazioa ikasgelan.

TALDEAN AURKEZPENA EGITEKO FITXA-ERANSKINA.DOCX

ONDO EZAGUTZEN DUGU ELKAR

3. Ituna eta diana

Ikasleak talde heterogeneoetan banatuko ditu irakasleak.

Jarduera hau taldearen lehenengo lan-saioan egin daiteke, nolakoak diren azaltzeko eta elkar hobeto ezagutzeko.
Kartoi mehe handi batean hainbat zirkulu zentrokide marraztuko dituzte (itua).

Ikasle bakoitzak besteen aurrean bere bizitzari eta izaerari buruz azaldu nahi dituen alderdi adina zirkulu izango dira: izenetik hasita gehien gustatzen zaien ikasgaira arte, zaletasun maiteena eta mania nabarmenena, haien ezaugarririk onena eta akatsik okerrena, eta abar. Ondoren, zirkulu bakoitzak talde bakoitzeko kide adina zati izango ditu; lau edo bost, alegia (ikus irudia hurrengo orrian).

Erdiko zirkuluan bakoitzak bere izena idatziko du; jarraian datorren zirkuluaren zatian, bere ezaugarririk onena eta akatsik okerrena; hurrengoan, bere zaletasun nagusia eta mania nagusia, eta abar. Hori guztia txandaka idazten joango dira, hau da, lehenengo txandan partaide guztiek izena idatziz; ondoren, bigarren zirkuluan idaztea adosten dena, eta horrela zirkulu guztiak bete arte. Idazten joaten diren bitartean, elkarren artean komentatuko dute zergatik adierazten duten gauza bat edo beste. Ez du balio idaztea ezer komentatu gabe. Inportantea da partaideen artean idazten den informazioa partekatzea.

Amaieran, idatzi dutena aztertuko dute eta partekatzen dituzten alderdien inguruan ados jarriko dira; hortik aurrera, taldea identifikatzeko izena bilatuko dute.

Ondoren, talde handian komentatuko dute nolako zailtasunak izan dituzten talde bakoitzean izena bilatzeko eta adostasunak lortzeko, zergatik…

[1] Pujolas, P. eta Lago, J. R. (Koord.).: IK/KI PROGRAMA («Ikasteko Kooperatu / Kooperatzen Ikasi») TALDEAN IKASTEN IRAKASTEKO Ikasketa kooperatiboaren inplementazioa ikasgelan.

ITUA ETA DIANA

4. Lorenzoren lapikoa

Jarduera honetan bideo bat ikustea proposatzen da. Lorenzo bestelako haurra da. Gaitasunak ditu, baina bestelakoak. Eta bestelakotasun horiek zailtasunak sortzen dizkiote taldean.

Bideo honek aukera ematen du horren inguruan hausnarketa egiteko; azken batean, denak gara desberdinak eta denak gara berdinak, pertsonak gara eta errespetua merezi dugu.

Bideoa lortzeko helbidea: https://www.youtube.com/watch?v=cnqZcAzqhnI

Bideoa ikusi, eta elkarrizketa sortzeko, horrelako galderak egin ditzakegu:

  • Zer gertatzen zaio Lorenzori?
  • Lorenzori gertatzen zaiona, beste edonori gertatzen zaio?
  • Zer? Nola? Noiz?
  • Gertatzen zaiona soilik da txarra?
  • Ba al daki gauzak egiten?
  • Laguntzarik eman al dakioke?
  • Nola?
  • ...

Helburua izango da konturatzea denak desberdinak garela eta gaitasun desberdinak ditugula, eta denon artean lor daitekeela zailtasun gehiago dutenak integratuak egotea, eta hobeto sentitzea guztion laguntzarekin taldean integratuak sentitzen direlako.

LORENZOREN LAPIKOA