ETA HARREMANAK ONAK EZ DIRENEAN?

Elkarbizitzaren kudeaketa ez da erraza ezta sinplea ere. Elkarren arteko harremanetan gatazkak gertatzen dira, baina gatazkak ez dira zerbait negatiboa baizik eta pertsonen arteko harremanetan ematen den jarrera naturala. Gatazka tresna pedagogiko bat dugu; hezkuntzarako bidea eta heldutasunerako bidea eskaini izanagatik ere, gatazka eta biolentzia desberdindu behar ditugu, bi gauza oso desberdinak direlako. Eta oso garbi azaldu behar diegu gure ikasleei gure ikastetxeetan biolentzia ez dugula onartuko, inongo motatako biolentzia.

Egun jazarpen-kasuak nahi baino maiztasun handiarekin gertatzen dira Lehen Hezkuntzan zein Bigarren Hezkuntzan eta eragina oso larria da bai jazarpena jasaten duenarengan, baita jazarpena egiten edo ikusten duenarengan ere. Gure ikasleekin hausnarketa serioa eta sakona egin behar dugu honen guztiaren inguruan.

Ikasleekin jazarpenari buruz hitz egitea ez da erraza izaten. Esan dezakegu neska-mutilei sentimendu edo emozioei buruz hitz egitea ez zaiela gustatzen, mendekuaren beldur direlako, besteak beste.

Alde batetik, ikusleak ditugu; egoerak kanpotik ikusten dituzte, haien gauza izango ez balitz bezala. Haientzat oso egoera desatsegina izaten da. Ez dute hitz egin nahi, zerbait esaten badute mendekuaren beldurrez daudelako. Eta bestetik, jokabide jazarlea dutenak daude; horiek ez dute inongo beharra sentitzen hitz egiteko, ezta gogorik ere; eta are gutxiago irakasleen aurrean.

Bestalde, ez da ahaztu behar tradizionalki hainbat jokabide justifikatu direla sozialki: ezizenak jarri, bazterketa egin… “haurren gauzak edo txantxak dira” esan izan da eta esaten da oraindik ere.

Hemen proposatzen den lana abiapuntu bat izan nahi du, eta egin beharreko lana errazteko materialak eskaintzen ditugu.

Lanketa honetan, irakasleen eginkizun nagusia da, batez ere sentsibilizatzeko garaian ikasleak ohartaraztea pertsona guztiak errespetuz tratatu behar ditugula eta zerbait egin behar dela jazarpen-egoeren aurrean.

Jazarpenaren inguruan ikasleek dituzten jarrerak, ezagutzak eta jokabideak aldatzea ez da zaila, eta pertsonen ongizatean ondorio garrantzitsuak ditu.

Jazarpena jokabide soziala da, tradizionalki justifikatu dena (haurren gauzak dira, betidanik gertatu da…); baina kultura hori aldatzen bada, eta justifikatzen ez bada, jazarpen egoerak gutxituko dira, ziur.

Bestalde, ISEI-IVEI-k[1] azken ikerketan dioenez, eskola-jazarpeneko kasuetan inplikatuak daudenak mutilak dira gehiago neskak baino, eta hainbat jazarpeneko kasuetan kutsu sexistak eta homofobikoak ageri dira. Horrek eskolari eskatzen dio nesken zein mutilen identitatearen garapenari erreparatzea eta tutoretza-lanean kontuan izatea.

Horrez gain, egun Internet eta Web 2.0 gunea besteekin bat egiteko edo ez egiteko toki bilakatu dira, bizitza erreala bezalaxe. Garrantzitsua da ikasleek beren nabigatzeko ohiturak aztertzea eta beren buruari edo hirugarren pertsona bati eragin diezaioketen kaltea baloratzea. Kasu askotan, ez dira jabetzen erabiltzen dituzten tresna batzuen arriskuez. Izan ere, ez dute hezkuntza-erreferenterik izan tresna horiek modu egokian erabiltzen

Beraz, ikasleei lagundu behar diegu batetik jazarpenaren ezaugarriak eta guztiengan dituen ondorioak zein diren ezagutzen, eta bestetik tratu onak eta txarrak bereizten. Apustu bat egin dezagun guztion artean, ikas komunitate bezala, jazarpena ekiditeko eta tratu onak bultzatzeko.

Lanketa honetan ezinbestekoa da komunitate osoaren inplikazioa, baina protagonistak ikasleak dira; beraz, haiekin zuzeneko lana egin behar dugu. Eta irakasleok, irakaskuntzako profesionalak garen heinean, egin beharreko lanaren ardura dugu.

Helburuak

  • Jazarpena eta ziberjazarpenaren ezaugarriak ezagutzea.
  • Jazarpenak eta ziberjazarpenak guztiengan dituen ondorioak ezagutzea.
  • Jazarpenaren aurrean erantzun asertiboa emateko gaitasuna izaten hastea.
  • Jazarpen-egoeren aurrean elkartasun-jarrera bereiztea.

Lorpen adierazleak

  • Parte hartzen du dinamiketan
  • Ezagutzen ditu ziberjazarpenaren ezaugarriak
  • Ezagutzen ditu ziberjazarpenaren ondorioak biktimarentzat
  • Ezagutzen ditu ziberjazarpenaren ondorioak egiten duenarentzat.
  • Ezagutzen ditu ziberjazarpenaren ondorioak ikusleentzat.
  • Konturatzen da nola sentitzen diren jazarpeneko biktimak.
  • Jazarpeneko biktimen azalean jartzen da
  • Badaki jazarpenaren kontra ezer egiten ez badu konplize bihurtzen dela.

Ebaluazio irizpideak

  • Errespetua
  • Enpatia
  • Berdintasuna
  • Komunikazioa

Jarduerak

  • Nire barnera begira
    1. Sentimendu desatseginei aurre egiteko laguntza
    2. Nire hitz atsegina
    3. Begirunezko begirada
  • Jazarpena...
    1. Zer da jazarpena?
    2. Esan EZ jazarpenari
    3. Irudikatu…
    4. Zirkulua
    5. Bully dance
    6. Ciberbullying…
  • Zerbait egingo dugu!
    1. Istorio batzuk antzezten
    2. Soniaren kasua
    3. Mikelen kasua
    4. Joneren kasua
    5. Norman
    6. Saski balio topa
  • Defendatuko dugu
    1. Komikia 1
    2. Komikia 2
    3. Komikia 3
    4. Reirte con el bullying te hace complice
    5. Esta chica sufrió...
    6. Se buscan valientes
  • Autoebaluazioa
    1. Eta harremanak onak ez direnean