Ikasmaterialen ezaugarriak

Alde batetik, ikasmaterial hauek Elkarbizitzarako konpetentziaren osagaietan oinarritzen dira, eta bereziki konpetentzia hori eta Norbera izaten ikasteko konpetentzia garatzeko tresnak eta prozedurak eskaintzen dira. Horrela bada, oinarrizko zehar-konpetentziak eskuratzeko prozesuan urratsak egiteko aukera eskaintzen dute material hauek.

Bestetik, ikasleen ahalduntzea lortzera bideratuta dauden aukera eta baliabide jakin batzuetan oinarritzen dira ikasmaterial hauek. Izan ere, garbiak dira emoziozko hezkuntzaren aldeko hautua, materialen izaera hezkidetzailea, lankidetzan oinarritutako dinamiken aldeko apustua, talde-kohesioan urratsak egiteko dinamiken eskaintza, benetako ordu sozialak izateko eztabaidaren garrantzia eta, batez ere, ikasleen protagonismoa eta konpromisoa bultzatzeko lan-proposamenak.