Nire barnera begira

1. Hiru ate

Batzuetan beste pertsonei mina ematen zaie nahi gabe. Nola dakigu esaten dugunarekin mina ematen dugun edo ez?

Hiru galdera egingo zaie ikasleei:

  • Egia da?
  • Beaharrezkoa da?
  • Atsegina da?

Egia da askotan pentsatu gabe hitz egiten dela. Hausnartuko da horren inguruan eta interesgarria izango da ohartaraztea egokia dela hitz egin baino lehen pentsatzea, batez ere haserretzen garenean.

Eskatuko zaie ikasleei adibideak jartzea: nola hitz egiten dugun haserre gaudenean eta nola hitz egiten dugun pozik eta lasai gaudenean. Zein hizkuntza erabiltzen den egoera batean eta bestean eta zer-nolako eragina izaten duen beste pertsonengan.

[1] Kaiser Greenland, S. Juegos mindfulness. Mindfulness y meditación para niños, adolescentes y toda la familia. Móstoles: Gaia Ediciones. 2017.

2. Hodeia

Ikasleei esango zaie: Jar zaitez ahalik eta erosoen, etzanda. Eskuak tripa gainean jarri eta hartu arnasa; kontatu hiru arnasketa.

Ondoren, imajinatu belar gainean etzanda zaudela, parke polit batean eta zerura begira. Hodei zuriak daude, bakoitzak forma desberdina du... zuk aukeratu nahiago duzuna, gustukoena... hori izango da zure hodeia... Imajinatu zure hodei horretaraino igoko zarela eta gainean esertzen zarela unibertsoan zehar bidaia bat egiteko. Nahi duzun tokira bidaiatu dezakezu, zer ikusten duzu? (beste planetak, izarrak, kometak...).

Hau izango da zure lasaitasunerako hodeia... edozein unetan igo zaitezke eta nahi duzun tokira bidaiatu, nahi baduzu, behar baduzu... eta nahi izanez gero, edozein pertsona gonbida dezakezu zurekin bidaiatzeko.

Jarraitu bidaiatzen...

Arnastu poliki-poliki. Hiru arnasketa kontatu, eta utzi hodeia zeruan. Berriro zaude belardian... agurtu zure hodeia, beste bat arte!

Begiak ireki.

Bukatu duzu, orain lasai-lasai zaude.

HODEIA

3. Bihotzeko sekretua

Erlaxatzeko, leku lasai bat behar da, inork molestatuko ez duen leku bat; saiatu behar da  isilik egoten. Askotariko jarrerak erabil daitezke erlaxatzeko. Gelan eserita egitea proposatzen da, bizkarra tente, besoak izterren gainean jarrita eta begiak itxita, ahal bada.

Erlaxatzeko, ezinbestekoa da arnasketa sakon eta lasaia mantentzea. Erlaxatzean burua ere lasaitu behar da. Saiatuko dira pentsamenduak lasai eta modu libre batean uzten, blokeatu gabe. Erlaxazio-saioa amaitutakoan, arnasa sakon hartu, begiak ireki, besoak eta hankak poliki mugitu, gorputza luzatu eta, bortizkeriarik gabe, pixkanaka, altxatuko dira.

BIHOTZEKO SEKRETUA