Nola sentitzen gara?

1. Nire amorrua

Batzuetan amorrua sentitzen dugu (pertsona edo gauza batekiko haserrea, ez-atsegin edo ezinikusia). Amorrua, ondo erabiliz gero, funtsezko emozioa da bizirik irauteko. Amorrurik gabe, beldurrik gabe bezalaxe, ezin urrunduko ginateke edo geure burua ezin babestuko genuke min ematen diguten gauzetatik. Amorruak injustiziaren aurka jokatzeko eta erasotzaile baten arriskutik babesteko indarra ematen digu. Halere, bideratzen eta modu egokian adierazten jakin behar da, geure buruari eta beste inori minik ez emateko.

 

Gelan, talde handian, amorrua eragin dezaketen egoerak esatea proposatuko da. Baina hasieran zaila izan daiteke eta, horregatik, bi adibide proposatuko dira:

1. Jolastokiko egoera (ikus 1 irudia):

  • Zer gertatzen ari da?
  • Jolasten ari dira?
  • Nola sentitzen zara horren aurrean?
  • Zer sentitzen du neskak?
  • Zuk noizbait ikusi duzu horrelakorik?
  • Noizbait egin al duzu horrelakorik?
  • Noizbait amorratu egin zaitu norbaitek? Nola sentitu zara?
  • Konturatzen ari dira inguruan daudenak? Zer egiten ari dira?
  • Une honetara iritsi baino lehen, zer uste duzu gertatu dela?
  • Inportantea da hori?

2.Lagunen arteko harremanak (ikus 2 irudia)

Irudian ikusten dira neska eta mutil bat haur txiki batekin, baina hori lagunen artean ere gerta daiteke.

  • Zer gertatzen ari da?
  • Jolasten ari dira?
  • Uste duzu txatxa bat izan daitekeela
  • Nola sentitzen zara horren aurrean?
  • Noizbait ikusi duzu horrelakorik?
  • Noizbait egin duzu zuk horrelakorik?
  • Noizbait amorratu egin zaitu norbaitek? Nola sentitu zara?

Galdera horiek baliatuko dira gelan, gaiari heltzeko eta elkarrizketa sortzeko.

Ondoren, gelakide bakoitzari amorrua ematen dioten gauzetan pentsatzeko esango zaie eta “post-it”etan idazten joango dira. Ideia guztiak bildu eta irakurtzen joango dira egoera horiek zein diren aztertzeko.

Aztertuko dira zer gauza azaltzen diren, eta, batez ere, errepikatzen diren edo ez. Seguruena, pertsona batzuei amorru handia ematen dieten gauzek beste batzuei ez diete hainbeste ematen.

BALIABIDEAK

  • Kartoi mehe batzuk
  • “Post-it”ak

Bukaeran, hausnarketa egingo da. Helburua izango da konturatzea norberak gauzak modu batera ikusten dituela eta hori kontuan izan behar dela lagun hurkoari minik ez emateko.

Mundo cruel uno
Mundo cruel dos

 

NIRE AMORRUA

Irudia: Mundo Cruel. Filosofía visual para niños. Wonder Ponder

[1] Gizagune Fundazioa. Unitate Didaktikoa Elkargunea (3. Ziklorako). Moldatua.

2. Esaldi osatugabeak

Batzuetan, lagunekin gaudenean, egoera deserosoak gertatzen dira. Egoera horietan, askotan ez dakigu zer esan, era askotako sentimendu eta emozioak nahasten zaizkigulako.

Proposatzen dugun dinamika honen bitartez aukera izango dugu horri guztiari buruz hausnarketa egiteko, gure inguruan dauden pertsonak hobeto ezagutzeko eta ditugun sentimenduak eta emozioak balioesteko.

 

Esaldi-zerrenda bat proposatzen da (hau edo beste bat izan daiteke, ikus erantsitako artxiboa). Esaldiak osatu beharko dira. Lana bakarka egitea proposatzen da. Ondoren talde handian komentatuko da.

Zerrenda eredua:

  • Talde batean isilik banago, …. sentitzen naiz.
  • Hitzik esaten ez duen pertsona batekin banago, …. sentitzen naiz.
  • Norbaitekin haserretzen banaiz, …. sentitzen naiz.
  • Norbaitek nirekin haserretzen bada, …. sentitzen naiz.
  • Norbait kritikatzen badut, …. sentitzen naiz.
  • Nirekin dagoen norbait negarrez hasten bada, …. sentitzen naiz.
  • Norbaiti konplimendu bat esaten badiot, …. sentitzen naiz.
  • Norbaitek konplimendu bat esaten badit, …. sentitzen naiz.
  • Norbaitekin bidegabea banaiz, …. sentitzen naiz.
  • Norbait nirekin bidegabea bada, …. sentitzen naiz.

Bukaeran, egindako lana ebaluatuko dute. Honelako galderak egin dakizkieke:

  • Kostatu al zaizu esaldiak osatzea?
  • Nola balioesten ditugu sentimenduak?
  • Erraza al da guretzat sentimenduak adieraztea?
  • Erreparatzen al diegu besteen sentimenduei?

Norbait kritikatzen badut, .... sentitzen naiz.

Norbait nirekin bidegabea bada, …. sentitzen naiz.

Nirekin dagoen norbait negarrez hasten bada, .... sentitzen naiz.

Norbaiti konplimendu bat esaten badiot, …. sentitzen naiz.

Norbaitek konplimendu bat esaten badit, .... sentitzen naiz.

Norbaitekin bidegabea banaiz, …. sentitzen naiz.

Norbaitek nirekin haserretzen bada, .... sentitzen naiz.

Norbaitekin haserretzen banaiz, .... sentitzen naiz

Hitzik esaten ez duen pertsona batekin banago, .... sentitzen naiz.

Talde batean isilik banago, …. sentitzen naiz


[1]Seminario de Educación para la Paz y Asociación Pro Derechos Humanos: Jolasen Alternatiba II. Bakerako hezkuntzako jolasak eta dinamikak. Los libros de la Catarata. Madril. 2010. Moldatua.

ESALDI OSATUGABEAK-ERANSKINA.DOCX

ESALDI OSATUGABEAK

3. Matxinsaltoa eta mantalgorria

Norbaitek beste bati min egin, eta egindako minaz ohartzen ez denean, zer gertatzen da? Zer egin dezakegu hori gerta ez dadin? Nola egin daiteke? Edozer gauza egiteak balio du?

Min egiten digutenean, nola sentitzen gara? Zer nahi genuke? Zer esango genioke beste pertsonari?

Sentimendu ugari nahasten zaizkigu eta horiei buruz hitz egitea ez da batere erraza. Proposatzen dugun bideoa aitzakia polita da horretarako.

Bideoa lortzeko helbidea: https://www.youtube.com/watch?time_continue=4&v=joSOopBFD0A

Bideo honek aukera ezin hobea ematen digu gai ugari lantzeko:

  • Lagunez abusatzea.
  • Zer gertatzen da beste pertsonen sufrimenduaz ohartzen ez garenean?
  • Zenbat aldiz entzun duzu “besteri ez egin zuri egitea nahi ez duzuna”? Jabetu al zara haren esanahiaz?

Helburua da gorago aipatu diren gaien inguruan hausnarketa egitea. Konturatzea edozein bidegabekeriaren aurrean denok badugula zer eginik, baina edozer egiteak ez duela balio.

Sentimendu nahasiak ditugunean, hobe da hitz egitea, “hitzak” jartzea eta gure artean hitz egitea.

MATXINSALTOA ETA MANTAGORRIA

4. Nire emozioak kontrolatzen ditut

Emozioak erreprimitzea haiek ukatzea da: haserrea, tristura, antsietatea eta beste hainbat emozio sentitzen direla ez ohartzea. Hala ere, sentitzen ditugula antzeman gabe ere, gure gorputzak emozioek sortarazten dituzten hormonen eragina jasaten du. Emozioak erreprimitzeak edo ukatzeak gaixotasunak sor ditzake. Beldurrak, haserreak, erruak, inbidiak eta antsietateak ikasleen pentsaera eta ikasteko prozesua mugatu ditzakete.

 

Ikasleak, launaka jarrita, haserrea, inbidia, antsietatea eta beldurra eragiten duten egoerak aipatzen saiatuko dira, eta erantsita dagoen fitxan idatziko dituzte. Horrez gain, egoera bakoitzean izaten duten jarrera eta horrek ekar ditzakeen ondorioak ere idatziko dituzte. Gero, egoera bakoitzean izan dezaketen jarrera egokiena islatuko dute paperean.

Azkenik, talde bakoitzak besteen aurrean azalduko du idatzitakoa.

Irakasleak, ariketa amaitzean, elkarrizketa sustatuko du. Alde batetik, inpultsibotasuna kontrolatzeak duen garrantzia aipatuko du, eta inpultsibotasunak ekar ditzakeen ondorioak (indarkeria, esaterako).

Bestetik, emozioen errepresioaz hitz egingo du irakasleak; adibidez, ez da komeni haserrearen emozioa gure barruan gordetzea, kalte egiten baitu. Kanporatzea da egokiena, baina modu onean egin behar da.

BALIABIDEAK

  • Fitxa
  • Arkatza

[1]
Ezeiza Urdangarin, B., Izagirre Gorostegi, A. eta Lakunza Arregi, A.: Adimen emozionala (12- 14 urte bitartek ikasleentzat). Gipuzkoako Foru Aldundia. Donostia. 2008.

EMOZIOAK AZTERTZEKO FITXA-ERANSKINA.DOCX

NIRE EMOZIOAK