Tratu onak nahiago

1. Tratu onak edo txarrak, zer nahiago?

Dinamika honetan tratu onak eta tratu txarrak bereiziko dituzte. Nola sentitzen gara gaizki tratatuak gaituztenean? Eta ondo tratatzen gaituztenean? Zer nahiago dugu?

Prestatuko dira txartel batzuk tratu onak edo txarrak agintzen dituztenak (ikus hurrengo orrian). Txartel horiek banatuko dira eta bakoitza tratatua izango da berak daraman txartelaren arabera.

Musika lasaia jarriko da, eta musika entzuten den bitartean, gelan ibiliko dira. Musika gelditzen denenean, ikasleak gelditu egingo dira. Ikasle bakoitzak txartela irakurriko dio ondoan edo parean dagoenari, eta hor agindutakoa egingo dio. Horrela egingo da denboratxo batean.

Ondoren, elkartuko dira antzeko aginduak dituztenak, hau da, tratu onak alde batean eta tratu txarrak bestaldean, eta kate moduko bat egingo dute, bata bestearen parean.

Behin bi kateak parez pare kokatuak daudela, bakoitzak bere txartela irakurriko du eta adibide bat jarriko du (eguneroko adibide bat). Bukaeran talde bakoitzak definitu beharko du zer diren tratu onak eta zer diren tratu txarrak. Definizio horiek gelan jarriko dituzte kartoi mehe batzuetan edo txartel handi batzuetan (ikus hurrengo orrian).

Ondoren, egindakoaren balorazioa egingo dute:

  • Nola sentitu zarete?
  • Zein katerekin sentitu zarete hobeto?
  • Zein katetatik nahiago duzue besteak tratatu?
  • Zein katetatik nahiago duzue tratatuak izan?
  • Zer ondorio ateratzen dituzue joko honetatik?
  • Konpromisoren bat hartuko zenukete?

TXARTELAK EGITEKO PROPOSAMENA.DOCX

TRATU TXARRA

2. Eserleku artean mugituz

Elkarri laguntzeak taldekideen arteko harremanak indartzen ditu, baita ardurak hartzeko gaitasuna ere. Norbaiti arazo bat konpontzen, lan bat bukatzen, taldean integratuta sentitzen edo beste edozertan laguntzen diogunean, elkarrengandik hurbilago eta taldean inplikatuago gaudela sentitzen dugu.

 

Ikasleen aulkiak bata bestearen ondoan jarriko dira, lerro bat osatuz. Irakasleak aulkiaren gainean zutik jartzeko esango die ikasleei eta, horrela daudela, jokoaren helburua zein den azalduko die: jaiotegunaren arabera, zaharrenetik gazteenera lerrokatu beharko dira, aulkietatik jaitsi gabe.

Amaitutakoan, aulkiak euren tokietan jarriko dituzte eta helburua lortzeko zer pausoz edo estrategiaz baliatu diren azalduko dute.

Saiatuko dira ondorio batzuk ateratzen:

  • Helburua lortu dute?
  • Nola?
  • Laguntza eman diote elkarri?
  • Zergatik?
  • Zertarako?
  • Nola sentitu dira helburua lortzean?
  •  

OHARRA:

Aulkiak lerro batean sartzen ez badira, U edo L forman jarriko dira; hau da, bi muturrak elkarretatik aldenduta.

Jokoa egiteko beste aukera batzuk ere badaude; esate baterako, lehen abizenetik hasiz ordena alfabetikoaren arabera lerrokatzea.

MUGITUZ


[1] Altuna, J. M. eta Arretxe Dorronsoro, I. : Adimen emozionala. Lehen hezkuntza. 3. Zikloa. (10-12 urte). Donostia: Gipuzkoako Foru Aldundia. Berrikuntzako eta Jakinaren Gizarteko Departamentua. 2008.

3. Elkarren arteko tratu ona

Gure artean ondo tratatzea eta kortesiazko arauak erabiltzea komunikazio edo harremanen abiapuntuak dira: agurtu, goraintziak eman, eskumuinak eman, baikor hartu, harrera egin,norberaren izenaz izendatu, ondo tratatu…

Haiek dira harremanak aberasten dituzten jarrerak. Kontrakoek —agurrik ez egiteak, agurra ukatzeak, zapuztuta egoteak, muturtuta edo muzinduta egoteak—, harremanetan egonezina sortzen dute.

 

Ikasleei fitxa bana emango zaie (ikus hurrengo orrian) eta 1-2-4 egitura kooperatiboa erabiliz hauxe idatziko dute:

Ikasle bakoitzak hobeto sentiarazten duten hiru portaera pentsatu, eta idatziko ditu “NI” atalean.

Talde handian

Kortesiazko jarrerak azaldu eta talde osoarekin partekatuko dira. Talde osoak azaldu ondoren, arbeleko “GU” zatian idatziko dituzte.

Talde txikietan

Lau ikaslek osaturiko taldeak egingo dituzte. “GU” zatian idatzi dituzten jarrerekin, ikasleek multzoak egingo dituzte antzeko mezuak dituztenekin. Agian, jarrera batzuk ezingo dituzte multzokatu.

Ondoren, DEKALOGO bat egingo dute. Dekalogoan, harremanak samurtzen dituzten portaerak eta alboan kortesiazko (hitz magikoak) ereduak jarriko dituzte.

Talde handian

Egin dituzten dekalogoak irakurriko dituzte, eta baita kortesiazko ereduak ere. Hausnarketa egingo dute: zer abantaila du kortesiazko ereduak erabiltzeak? Erritualak bakarrik al dira? Beharrezkotzat jotzen dituzte? Nola sentitzen dira beste pertsonak tratu hau ematen diegunean? Nola sentitzen dira tratu hau ematen ez diegunean?

OHARRA

Ikasleek egunero lantzeko proposamena: egindako dekalogoa gelan jarriko dute eta kortesiazko hitz magikoak erabiliko dituzte. Gelan sartzen diren irakasleek ere parte hartzea komeni da.

ELKARREN ARTEKO TRATU ONA-TAULA-ERANSKINA.DOCX

TRATU ONA

4. Tratu onak?

Tratu onak eguneroko harremanetan landu behar dira, ezin dira ikasi modu teorikoan edo eskola-liburu batean, baina hausnarketa egin behar da, batez ere gaur egungo gizartean ez daudelako modan eta komunikabideetan gehien ikusten dena ez delako, hain zuzen ere, tratu onaren adibide.

 

Hurrengo orrian dagoen taula talde txikietan aztertuko dute arkatzak erdira egitura kooperatiboa erabiliz (kide bakoitzak, lerro bat). Bertan dauden egoerak aztertuko dituzte eta erabaki ea tratu onak& diren edo ez, eta nolakoa izan beharko lukeen egoerak tratu onak izateko.

Bukatzeko, hausnarketa egingo dute talde handian egoera horien guztien inguruan:

  • Noiz sentitzen gara ondo?
  • Noiz sentitzen gara gaizki?
  • Zer behar da tratu txarra tratu ona bihurtzeko?
  • Nola definituko genituzke tratu onak?

TRATU ONAK-TAULA-ERANSKINA.DOCX

TRATU ONAK

5. Irainak

Egun ikasleen artean irainak erabiltzea oso zabalduta dago, baina  irainak ere tratu txarrak dira eta horrek zer ekartzen duen oso ondo ikusten da bideo honetan.

Bideoa deskargatzeko helbidea:

https://www.youtube.com/watch?time_continue=29&v=ktnIXiEUQt4

Ikasleek hausnarketa egingo dute bideoan ikusten den istorioan eta haien artean erabiltzen duten hizkuntzan. Maiztasun handiarekin erabiltzen dituzten irainak seguruena txantxetan egiten dituztela esango dute ikasleek. Edonola ere, ahalegin irmoa egin behar da ez erabiltzeko konpromisoa hartzeko.

IRAINAK