Bizikasi ekimenaren kokapena ikastetxeko dokumentazioan

Aurreko atal eta puntuetan aipatu dugun bezala, Bizikasi ekimenaren egitekoa da hezkuntza-komunitateari estrategia, tresna eta ikuspegiak eman, ezarri eta horien erabilerari buruz aholkatzea, guztion artean eskola-jazarpena ekidin eta desagerrarazten eta elkarbizitza positiboa garatzen lagunduko duten neurriak sustatzeko.

Alderdi hauek kontuan hartuta, Bizikasi errotzeko ikastetxeetan eman behar den lehenengo pausua ikastetxeko errealitatea eta bertan dagoen dokumentazioan ekimena kokatzeko aukerak aztertzea izango da. Bizikasi ezartzeak ikastetxeko dokumentuetan jasotako alderdi batzuk aldatu eta zehaztuko ditu, eta beraz, nahitaezkoa izango da ekimenarekin zuzenean lotuta daudenak berrikusi eta egokitzea: Ikastetxeko Hezkuntza Proiektua, Curriculum Proiektua, Antolakuntza eta Jarduera Araudia –AJA-, Elkarbizitza Plana, Hezkidetza Plana eta Tutoretza Plana.

 

Horrela, Hezkuntza Proiektuak Bizikasi ekimenaren azken helburua jaso beharko luke eskola Bullyingik gabeko gunea bihurtzeko ibilbideari hasiera emateko: «Ikastetxeak ikaskuntzarako eta garapen pertsonal eta sozialerako gune bilakatzea, jakintzaren eta eskola-komunitateko kide guztien konpromiso partekatu etengabearen bidez, bizikidetza positiboa eta ustezko jazarpen-egoeren aurrean zero tolerantzia duen inguru seguru bat eraikiko duena».

Halaber, ekimenak AJArekin lotura izan beharko du, bereziki jarrerak zuzentzeko ikastetxeak erabiltzen dituen ordezko bide eta prozedurei buruzko atalarekin. Horiek Ikasleen eskubide eta betebeharrei buruzko 201/2008 Dekretuan dute jatorria, eta ikastetxe bakoitzak bere barne-araudian zehaztu behar ditu.

Curriculum Proiektuan jasoko dira irakaskuntza-ikaskuntza prozesuari segurtasun osoz heltzeko beharrezkoak diren balioak eta jarrerak sustatu eta elkarbizitza positiboa, tratu ona eta ongizate sozioemozionala bultzatuko duten antolaketa, metodologia eta curriculumaren eremuari buruzko erabakiak.

Elkarbizitza Plana elkarbizitzarako hezkuntza-esparrua antolatu, bideratu eta arautuko duen tresna izango da. Horri esker, zentzua izango du ikastetxeak elkarbizitza positiboa garatzeko eta eskola-jazarpena errotik ezabatzea lortzeko egingo duen lanari ekiteak.

Hezkidetza Planean batuko dira, menperatze-mendekotasun harremanak egonkortzen dituzten genero estereotipoetatik aske izateko ikastetxe mistotik hezkidetzailea bilakatzeko erabakiak. Hala, antolamendu mailan, zein eremu curricularrean eta metodologikoan egingo diren egokitzapenak batuko ditu plan horrek.

Tutoretza Planak Bizikasi ekimenaren bidez emandako material didaktikoen kudeaketa zehaztuko ditu, eskola-antolaketan ezarritako denbora eta guneetan, irakaskuntza-funtzioaren tutoretza-izaeratik hartuta, une oro bere tratamenduaren zeharkakotasuna ziurtatuz (Jose Mª Aviles 2015).

Laburbilduz, Bizikasi ekimenaren ikuspegia ikastetxe bakoitzaren barne-dokumentazioan islatuko da, koherentziaz jasoko baititu ikastetxea jazarpenik gabeko gune eta pertsonen arteko tratu ona bultzatzen duen gune bihurtzeko nahia.